XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bestetik, bertso jarriekin agiriko saioak egiteak erreztasun baten jaustera bultzatu leikeala bertsolaria; eta bertsolaritzak daukan berezitasunik bitxiena, unean bertan asmatu eta botatzea, galbidean jarriko litzatekeala.

Nik bestetara planteatuko neuke.

Zer arrazoigaitik sortu da, bai bertsolari ta bardin entzuleengan, halako gogaitune bat?.

Bat bateko bertsoak izan oi dauan freskotasun eta guzti ere, barriztakuntzarik izan ez daualako, edo gero ta entzulego gertuago ta modernuago bati datorkion prolematika osoari erantzuteko, bat batean kantatzea naiko ez dalako.

Zirikadeaz aparte, bertsoak mamina behar dau, entzulea asetuko dauan ardatz sendo bat, tematika trinko bat.

Horrek indarbarritu dauala esango neuke Amuritzaren tankerako bertsogintza: landua, edukin mamintsuduna, puntuz eta esakeraz gozagarria.

Bat bateko saioak bultzatu ta promozionatu beharra dago: eztabaida edo desapioko gaietan, zirikada ta barre eragitekoetan, eta batzuetan gai bat zeaztu orduan ere, bat bateko bertsoak entzuleagan entzun-min aundiagoa sortueragiten daualako, bertsolari ona bada behintzat.

Funtzionatzen ez dauan mikrofonoari bat batean adar jotezko bertso bat aterateak beti eukiko dau grazi aundiagoa aurrez landutako saio batek baino.

Baina hor dago untzea: zer lortu gura dan, bateko edo besteko moldea izango da egokiagoa.

Aldi bakotxak berari dagokiona eskatzen dau.

Gizarte faktore batzuk egoera aldatu oi dabenean, giro barri honetara moldatu beharra dago, mundua baizen aldakor da gizonaren ekintza ere ta.

Behar bada, horrexetan dago Amuritzaren azertua: epe bat amaitutakoan, barri bati bideak zabaltzean.

Gizarte urbano eta aurreratuago baten (naiz eta bere sustraiak pentsabidea, irudi-mundua eta euskalduntasuna baserrian errotuak izan) bertsolaritzari aurrerapidea bilatu gura izan deutso, eta asmatu ere egin dauelakoan nago.

Lekuan lekuko euskera modua aintzat artzea ere Amuritzaren beste jokamolde txalogarrietariko bat da.

Bizkaian bizkaieraz egin izan ditu orain arteko saioak, eta Gipuzko ta enparauetan batuan.

Hango eta hemengo euskara sakon ezagutu izanak emon deutso horretarako erreztasuna eta bertso-puntuak ere sarri askotan euskalkiaren aberastasunei etekiña atereaz ugaritu izan ditu, euskeraren atzizkibidea ondo ezagutu izan dituelako.

Geroak argitu bei obeto egindako bidearen gorabehera guztia.